Itzuli da Passion for Knowledge (P4K), nazioarteko ikertzaile ospetsuak biltzen dituen jaialdia

Irailaren 30etik urriaren 5era, Passion for Knowledge ospakizun publiko handia egingo da laugarren aldiz Donostia / San Sebastián hirian, Nobel saridunak eta nazioarteko adituak bilduko dituena.

Passion for Knowledge jaialdia (PK4) hiru urtean behin egiten da, eta milaka herritarrekin batera ospatzen du ezagutzarekiko pasioa; herritarrek aktiboki parte hartzen dute jaialdiko ekintzetan. Laugarren jaialdi hau DIPC, Donostia International Physics Center ikerguneak antolatu du. Ikertzaile ospetsuak bilduko ditu, azken urteotako deskubrimendu zientifiko adierazgarrienetako batzuetan nabarmendu direnak. Zinez zorioneko gaude gutako edonor Victoria Eugenia antzoki, Guggenheim edo Baluarteko mintzaldi publikoetara joateko aukera izateagatik, eta Nobel saridunekin zein munduko itzal handiko adituekin batera ikasten jarraitzeagatik. Bere egitarau luzean, osoko hitzaldiez gain, askotariko herritarrentzako ekintzak azaltzen dira: bigarren hezkuntzako ikasleen eta zientzialarien arteko topaketak, Naukas saioak, erakusketak, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak, bideo-emanaldiak, etab.