Donostiako MICE sektoreak bere burua berrasmatu du

  • Donostiako MICE sektoreak lan eta lan jarraitu du bere jarduera egokitu eta suspertzeko COVID19ak eragindako egoeraren aurrean. Kongresuen eta ekitaldien sektoreari lotutako enpresek bere burua berrasmatu dute hainbat aukera birtualen bidez, eta dagozkien osasun-neurriekin prestatzen ari dira, bilkurak egiten hasteko gobernuaren gidalerroek baimena ematean.
  • Donostia Turismoko Kongresu eta Ekitaldien lantaldeak gelditu gabe jarraitzen du lanean sektoreko enpresei aholkularitza emateko eta haiek babesteko; gainera, antolatzaileek hirian ekitaldiak egiteko interesari eusteko ere lanean ari da.

Donostiako MICE sektoreak aktibo jarraitzen du pandemia gorabehera; bere burua berrasmatu du eta egoera berrira egokitu da, online kongresuak eginez, streaming plataformak sortuz, edo e-conference, webinar, zuzeneko klaseak eta showcooking-ak eginez, besteak beste.Gainera, bilkuretako egoitzak higiene- eta distantzia-protokoloak aktibatzen ari dira, segurtasuna bermatzeko aurrez aurreko ekitaldiei berriz ekitean.

Cristina Lagé Turismo zinegotziak kongresuen turismoaren balioa nabarmendu du. “MICE jarduerak ekarpen handia egiten du kuantitatiboki, baita lurraldeko ekonomiaren motor moduan ere, turismogunearen urtarokotasunarekin apurtzen laguntzen baitu. Horregatik, MICE turismoaren aldeko apustua egiten dugu gure Gida Planean, eta Kongresu eta Ekitaldien lantaldeak lanean jarraitu du sektoreko enpresak babesteko eta haiei aholkatzeko egoera zail eta aldakor baten aurrean. Era berean, MICE sektoreko antolatzaileekin kontaktuan jarraitu dugu atzeratu diren ekitaldiak gerora Donostian egin daitezen, eta etorkizunean beste ekitaldi batzuk ere hirian bertan egiteko interesari piztuta eusteko”.

Era berean, Donostia Turismoak bere web-orriaren eta sare sozialen bitartez MICE sektorearen bazkide diren Donostiako establezimenduen ekimenak ere zabaldu ditu, eta sektorearentzat interesgarria izan daitekeen informazioa eta dokumentazioa eguneratu ditu.