Ekitaldiak Donostiarekin fidelak dira eta sektoreko topaketa berrietarako erreferente gisa balio dute

  • Donostiako Bileren Turismo sektoreak lanean jarraitzen du Donostiak ekitaldien ospakizunari dagokionez nazioarteko erreferente izaten jarrai dezan. Zinemaldiaren 68. edizioa arrakastaz egiteak, Donostia Gastronomikaren 22. edizioak edo Donostian Club de Creativos-eko C egunen 5. edizioak, beste batzuen artean, oraina eta geroa zehazten dute Bileren Turismoko sektorean.

  • Antolatzaileek, tokiko sustatzaileek, Donostia Turismoak eta bere bazkideek, egoera berriari egokitzeko, eta hirian ekitaldiak egiten jarraitzeko ahalegin handia egin dute. Horretarako, online formatu berritzaileak eta aurrez aurreko hainbat saio uztartu dituzte, eta ahalegina garrantzitsua izan da ekitaldien fidelizaziorako eta etorkizunera begira beste ekitaldietarako erreferente gisa.

  • Donostia Turismoak, Kongresuen eta Ekitaldien Sailaren bidez, kongresu eta ekitaldi profesionalak egitearen aldeko apustua egiten jarraitzen du; izan ere, ezagutza sortzen eta partekatzen laguntzen dute baita tokiko jarduera ekonomikoa kokatzen, bistaratzen eta dinamizatzen ere.

Donostia / San Sebastián

Mundu mailako osasun-krisitik eratorritako zailtasunak agerikoak izan arren, hirian egin berri diren ekitaldiak –Donostiako Zinemaldia, Gastronomika edo Club de Creativosen C egunak– nazioarte mailako arrakasta-adibide izan dira; izan ere, jarduera garatzea lortu ahal izan dute, online formatu berritzaileak eta aurrez aurreko saioak konbinatuz, beti ere higieneari eta segurtasunari dagozkion neurriekin.

Donostia Turismoak, Kongresuen eta Ekitaldien Sailaren bidez, jarduera estrategikoa den heinean, bileren turismoaren aldeko apustua egiten du. Lurraldeko sektore ekonomikoak dinamizatzen laguntzen du, ezagutzaren eta berrikuntzaren gardentasuna sustatzen du, eta azken finean, Donostia ezagutzaren eta berrikuntzaren helmuga gisa bistaratzen eta kokatzen laguntzen du. Ildo horretatik, gure erakundeko Kongresuen eta Ekitaldien sailak bilera profesionalak egiteko interesa duten profesionalei eta Bileren Turismoko sektoreko agenteei aholkularitza emanez dihardu lanean. Egoera zail eta aldagarriaren aurrean, antolatzaileei laguntzeko eta babesteko helburuarekin jarraitzen du, betiere, Donostiak nazioarteko erreferente izaten jarrai dezan.

Jarduera Bileren Turismoaren sektorean garatzen duten tokiko enpresak hasiera-hasieratik hasi ziren berriz asmatzen eta egoera berrira egokitzen. Batetik, profesionalekin konektatzeko aukera ematen duten formula berriak ezartzen hasi ziren (kongresuak on line egitea, streaming plataformak sortzea, webinarrak, eskolak zuzenean, showcooking-ak eta abar), eta bestetik, higiene- eta urruntze-protokoloak garatu zituzten, eta horiekin, aurrez aurreko ekitaldiak egiteko segurtasuna bermatzen zen. Hirian izan diren beste ekitaldi profesional batzuen artean, horren adibide dira Zinemaldia, C egunak, Gastronomika, erizaintzako profesionalen topaketak eta aldaketa klimatikoari buruzko Uhinak kongresua.

Hainbat ekitaldi garrantzitsu egin dira Donostian, arrakastarekin

Irailaren 18tik 26ra bitartean egindako Zinemaldia izan da pandemia-garaian aurrez aurre egindako nazioarteko lehen zinema-jaialdietako bat. 400 emanaldi bano gehiago eta milaka gonbidatu bildu ditu jaialdiak. Sarreren % 90 baino gehiago saldu zuten lehen egunean eta egoitza ugarietan baimendutako edukiera handiena bete zuten: Kursaaleko auditorioa (% 40ean, 600 ikuslerekin), Victoria Eugenia Antzokia, Principal Antzokia eta Kursaaleko Ganbera aretoa (% 50); eta Tabakalera eta hiriko zinema-aretoak (% 60).

Beste urte batez, jaialdia ikusleen, komunikabideen eta zinematografia-industriaren arteko topagune bihurtu zen, ikus-entzunezko esperientzia onena lortuta eta osasun arloko neurri handienak beteta.

Club de Creativosen C Egunak, komunikazio eta marketin arloetako profesionalen Europako hitzordu Nagusia, berriro ere Donostian egin zen urriaren 8tik 10era bitartean (5. edizioa izan da) Donostia Turismoaren Kongresuen eta Ekitaldien sailaren laguntzarekin. Kongresuak formatu hibridoa izan zuen Kursaal kongresu-jauregian; izan ere, bertan egin ziren zuzeneko jardunaldiak eta bertatik eskaini zuten streaming bidez kongresua oso-osorik.

Programaren gai nagusiak marken eta pertsonen arteko harreman, bide, narratiba-aldaketa eta elkarrizketa “berriak” izan ziren, eta hizlari ugari izan ziren bertan: sortzaileak, filosofoak, kazetariak, artistak eta estrategak. Guztiek lagundu zuten errealitate berri hori zehazten. C de c taldeak, bestalde, sare sozialetan hainbat kanpaina egin zuen Donostiako enpresa txikiak babesteko eta hiriko toki enblematikoenak erreproduzitzeko.

C de c-ren C Egunen zuzendariak, Guille Viglionek, normaltasuneko nolabaiteko itxura berreskuratzeko eta ohitura berriek berekin dakartzaten inertziak gainditzeko ahalegina egin beharra zegoela azpimarratu zuen. Horiek guztiak beste topaketa batzuetarako erreferentzia gisa baliagarriak lirateke. Era berean, nabarmendu beharrekoa da ekitaldiaren garrantzia; izan ere, elementu presentzial handiko kongresua da (300 lagun Kursaalen) eta kongresu mota horrek hirian bere ondarea uzten du. Hori dela eta, kongresuko sustatzaileek eta antolakuntzak, Donostia Turismoak eta bazkideek kongresua ahalik eta baldintza onenetan Donostian egin dadin lan egin dute.

San Sebastián Gastronomikak, 100 herrialde baino gehiagotako 20.000 kongresukide baino gehiago bildu zituen urriaren 5etik 9ra bitartean. Edizioa erabat onlinekoa eta doakoa izan zen, eta ikus-entzunezko emanaldian 50 ordu baino gehiago eskaini zituzten (esperientziak, showcooking-ak eta prestakuntza-hitzaldiak, besteak beste). Mundu mailan aurrekaria izan da formatu hori eta agertoki ugariek aberastu dute; bertan, 70 hizlarik baino gehiagok hartu zuten parte.

Kongresukideek ekitaldiko auditorio birtualetan bidaiatzeko aukera izan zuten eta horien artean zeuden euskal sukaldaritzako jatetxe ospetsuenak: Azurmendi, Mugaritz, Akelarre, Arzak edo Etxebarri, adibidez. Gainera, sukaldari askoren etxe eta jatetxeetara sartu ziren Espainiako eta munduko toki askotan (Senegal, Kolonbia, Peru, Erresuma Batua, Italia edo AEB).

San Sebastián Gastronomikak aurtengo edizioan orain arteko sukaldari eta parte-hartzaileen kopuru handiena biltzea lortu du, eta etorkizuneko kongresu gastronomikoak egiteko garaian erreferente argi bihurtu da. Jatetxeak bat etorri dira kongresua arrakastatsua izan dela adierazteko garaian. Gainera, zati presentzialaren eta birtualaren arteko sinergia ohiko bihurtuko dela eta kongresuen eta lanbidearen etorkizuna berriro planteatzera eramango gaituen paradigma-aldaketa dakarrela uste dute. Ekitaldia amaitu den arren, oraindik ere webgunean ikusgai dago eta erabiltzaileek ikusi ahal izateko izena eman dezakete oraindik ere. Horrek kongresuaren eta hiriaren bistaratze-gaitasuna biderkatzen du.

Amaitzeko, nabarmendu beharrekoa da urriaren 15ean erizaintzako profesionalen jardunaldia egin zutela Kursaalen. Bertan, Gipuzkoako egoitzetako 140 profesionalek COVID19arekin lotutako prebentzioaren eta kontrolaren inguruko prestakuntza jaso zuten. Gainera, klima-aldaketaren eta itsasertzaren inguruko Uhinak kongresua ere egingo dute Ficoban azaroaren 4 eta 5ean formatu hibridoan (aurrez aurrekoa eta online), eta Estatuko eta nazioarteko 40 hizlari bilduko ditu.

Donostia Turismoak bileren turismoaren aldeko apustua egin du

Donostia Turismoak, bere Kongresuen eta Ekitaldien sailaren bidez, bileren turismoaren alde egiten du eta, horretarako, tokiko profesionalekin etengabeko harremanean egiten du lan. Badaki profesional horiek beren hitzordu profesionala Donostian mantendu nahi dutela etxean egindako ekitaldi horretako anfitrioi izateak ematen dien prestigioa eta ikusgarritasuna direla eta, eta bilera profesionaletan sortzen diren ezagutza-trukeak eta sinergiak haien lanaren oinarri diren sektore zientifikoen, medikoen eta ekonomikoen etorkizuna diseinatzeko ezinbestekoak direlako.