Donostia Turismoak, bazkide diren enpresekin batera, IBTM Nazioarteko Kongresuen Azokan hartuko du parte

Donostia Turismoko Kongresu eta Ekitaldien saileko ordezkariek, Basquetourren eskutik, IBTM World virtual Azokan parte hartuko dute abenduaren 8tik 10era, bazkide diren 4 enpresarekin batera: Kursaal, Basque Destination, Inbasque eta Hotel de Londres y de Inglaterra. Gainera, negozio-bidaien eta kongresuen sektorean munduko garrantzitsuenetakoa den profesionalen topaketa honetan, hitzordu-agenda oparoa ere izango dute.

IBTM World Azoka, bilera, pizgarri, negozio-bidaia, kongresu eta ekitaldien sektoreko hitzordu garrantzitsuenetakoa, abenduaren 8tik 10era bitarte egingo da formatu birtualean, goizeko 7etatik iluntzeko 10etara, mundu osoko hainbat ordu-zonatatik sartzeko aukera egon dadin. Donostia Turismoak, Kongresu eta Ekitaldien Sailaren bidez, urtero hartzen du parte 150 herrialdetako 15.000 parte-hartzaile biltzen dituen topaketa honetan: horien artean daude, besteak beste, kongresu eta ekitaldien alorreko ordezkari instituzionalak, espazioetako, konbentzioetako, hoteletako, turismoguneetako zerbitzu-hornitzaileen ordezkariak, edota lanagatik bisitak egiten dituztenak.

Edizio honetan, DSS Turismoak Basquetourren eskutik parte hartuko du, bazkide diren 4 enpresarekin batera: Kursaal Kongresu Jauregia, Basque Destination eta Inbasque bidaia-agentzia hartzaileak eta Hotel de Londres y de Inglaterra. Establezimendu bazkideak oso garrantzitsuak dira hiriko turismoa sustatzeko eta Donostiaren irudia sendotuko dute azpiegituren, zerbitzuen eta baliabideen kalitatea eta bikaintasuna bereizgarri dituen negozio-gune gisa.

Parte-hartzaile bakoitzak 30 hitzordu izango ditu mundu osoko eragileekin: Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Espainia, herrialde eskandinaviarrak, herrialde asiarrak… Lan-bilera horietan, Donostia Turismoaren Kongresu eta Ekitaldien ordezkariek hiriak segmentu horretarako bileren gune gisa eskaintzen duen potentzialtasuna aurkeztuko diete interesa duten eragileei, kontaktuak egingo dituzte eta beste eragile eta merkatu batzuk ezagutuko dituzte. Gainera, ekitaldiak sektoreak aurre egin behar dien arazo nagusiak, hala nola teknologia, krisiaren kudeaketa, jasangarritasuna eta etorkizuneko erronkak jorratuko dituen konferentzia eta foroak izango ditu.

DSS Turismoak turismo arduratsu eta jasangarriaren alde egiten du eta bileren turismoa
ardatz estrategikotzat hartzen du hiriaren talentua erakartzeko eta ezagutarazteko zein nazioartean duen posizioa indartzeko.