Elkarrizketa: ALBERT FERT, Fisikako Nobel sariduna

« Donostian gero eta gehiago aritzen naiz lankidetzan, hemen oso fisikari onekin elkarlanean aritu bainaiteke, unibertsitatean ez ezik, baita Nanogune edo DIPC gisako institutuetan ere »

ALBERT FERT Albert Fert. Photo: UPV/EHU

Albert Fert (Carcassonne, 1938) zientzialaria magnetoerresistentzia erraldoiaren bi aurkitzaileetako bat da. Magnetoerresistentzia disko gogorren teknologia iraultzea ahalbidetu zuen nanofisikako efektua da, spintronika deituriko elektronika mota berriaren garapena eragin zuena. Aurkikuntza horren ondorioz lortu zuen, 2007an, Fisikako Nobel Saria, Peter Grünberg-ekin batera. Gaur egun, spintronikaren arloko haren ikerketei esker, espero da askoz energia gutxiago kontsumituko duten ordenagailuetarako osagaien beste belaunaldi bat sortzea.

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), 2017an, Honoris Causa doktore izendatu zuen fisikari frantsesa. 2020an, UPV/EHUko Donostiako Kimika Fakultatean sartu zen itzal handiko ikertzaile gisa, eta bertan dihardu Materialen Fisika Sailean ikertzen. Era berean, elkarlanean dihardu Donostia International Physics Center (DIPC) eta Nanogune institutuekin. Espainiako unibertsitate bateko irakasle-klaustroari atxikitako lehen Fisikako Nobel sariduna izan zen.

Horrez gain, Albert Fert ohiko txostengilea da 2016. urteaz geroztik Donostian urtero antolatzen den Sol Sky-Mag biltzarrean (International Conference on Magnetism & Spintronics).


Noiz etorri zinen lehen aldiz Donostiara? Hiriko zerk erakarri zintuen gehien?

Uste dut lehen aldia duela 20 bat urte izan zela. Oso gustuko dudan ingurua da. Horrez geroztik, unibertsitatean elkarlanean aritzen naizenez gero, hainbatetan itzuli naiz Donostiara hitzaldi zientifikoen harira.

Bertako paisaiak, Kontxako bista, Londres hoteletik dudan panoramika ederra, Igeldo mendiko bista… Gauza ugarik erakarri ninduten. Hiriaren dotorezia ere asko gustatzen zaigu nire emazteari eta bioi. Oso kale ederreko hiria da, oso denda politak dituena eta erakusleihoetan dotorezia handia erakusten duena... Oso hiri garbia da, eta oso atsegina da hiritik ibiltzea.

Donostiara joatea sukaldaritza onaz gozatzea ere bada, ezagutzen ditugun Michelin izarreko jatetxe onez gozatzea. Asko gustatzen zaizkigu, halaber, hiriko etxe askoren edertasuna, hiri barruko eskulturak, Haizearen Orrazia, Chillida museoa... Baita hiriaren inguruak ere, izugarri gustatzen zaigu Getariako errepidea hartzea, oso portu polita da eta oso jatetxe onak daude bertan.


Nola ikusten duzu Donostiako zientziaren eta berrikuntzaren ekosistema?

Argi dago hemengo ekosistema gustatzen zaidala, Donostiako unibertsitateekin eta laborategiekin elkarlanean aritzeko hautua egin baitut. Gaur egun Unibertsitateko itzal handiko ikertzaile naiz, baina, berez, oso aspalditik ari naiz elkarlanean Donostian dauden zientzialari bikainekin. Lankidetza hori duela hamabost bat urte hasi zen Luis Hueso izena duen fisikari batekin, Nanogune laborategiko buruetako batekin.

Duela 15 urte jada aritu ginen elkarlanean, eta ordukoak dira Nature aldizkariko lehen argitalpenak. Gero, lankidetza horiek zabaldu egin ziren, oso fisikari onak baitaude; unibertsitatean ez ezik, baita Nanogune edo DIPC (Donostia International Physic Center) institutuetan ere. Askotan dihardut elkarlanean Pedro Miguel Etxenike buru duten eta Ricardo Diaz zuzendari duten institutu horiekin.

Nire iritziz oso animazio kultural, artistiko eta zientifiko handia dago bertan. Kulturala, Zinemaldiarekin, Jazzaldiarekin... Eta zientifikoa, adibidez, DIPC institutuak antolatzen duen Passion for Knowledge gisako jaialdiarekin, nazioarteko zientzialari oso handien problema zientifikoei buruzko hitzaldiak biltzen baititu.


Zergatik diharduzu lankidetzan Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Donostia International Physics Center institutuarekin? Zertan ari zara lanean gaur egun?

Gaur egun, Donostiako fisikariekin elkarlanean materialen familia berri bat ikertzen ari naiz, material bidimentsionala hain zuzen ere. Grafenoa izan zen, duela 20 urte inguru, fisikan sartu zen lehen material bidimentsionala; orduz geroztik, material bidimentsionalen sorta handia garatu da, eta material horiek zenbait onura dituzte ohiko material tridimentsionalen aldean. Oro har, spintronikaren arloan elkarlanean ari naiz, sentsoreak egiteko edo elektroi topologiko deituriko gainazaletako elektroien propietate berriak aztertzeko.


2007an Nobel saria jaso zenuen … Nola bizi izan zenuen aitorpen hori? Ateak eta aukerak zabaldu al zizkizun?

Duela hamar urte existitzen ez ziren norabide berrietan ari naiz lanean gaur egun. Material magnetiko bidimentsionalen eta material topologikoen arloan ari naiz lanean dira. Hasteko, Donostiarekin dudan lankidetzaren ikergaietako bat da. Horrez gain, azaltzen zailxeagoak diren beste gai batzuei buruz ere ikertzen ari naiz, hala nola skyrmion deituriko kuasipartikula berriei buruz. Skyrmion kuasipartikula horiek topologia berezia duten atomo gutxi batzuetan dauden spin-kiribildura txikiak dira.

Skyrmions partikula txiki horiek pilotatxo batzuk bezalakoak dira eta abiadura handian mugiaraz ditzakegu, segundoko kilometro bateko abiadurara arte. Horrenbestez, segundoko kilometro bateko abiadurak esanahi du horrelako pilota batek nanometroaren arloko distantziak oso denbora gutxian egiten dituela, nanosegundoetan; beraz, askotariko funtsezko interesak daude topologikoki babestutako partikula mota berri horiek azterketan aplikatzeko. Tartean dira, halaber, kontzeptu matematikoak eta kontzeptu fisikoak eta fisika kuantiko erlatibistakoak. Hortaz, fisika hori ikertzearen interesa oso handia da, eta etorkizunera begira aplikazioak ere baditu. Zenbait aplikazio proposatu da, eta nire laborategian aplikazio horietan ari gara lanean.

Esan behar dut nire laborategian asko interesatzen zaidan beste norabide bat ere aztertzen ari garela: garunak inspiratutako ordenagailu neuromorfikoetarako, neuromorphic computer, osagaiak. Nolabait esatearren, garunak gaur egungo ordenagailuek baino askoz hobeto funtzionatzen du, askoz ere efikazagoa da. Gaur egun, informatikak eta konputarizazioak nolabaiteko joera hartu dute sinapsi eta neurona bidezko garunaren funtzionamenduaren printzipioan oinarritutako ordenagailuak fabrikatzeko.

Dena dela, gaur egungo ordenagailu neuromorfikoetan sinapsia edo neurona berrogeita hamar bat transistore dituen mikrozirkuitu txiki baten bidez imitatzen da. Energia handia behar duten oso ordenagailu handiez hitz egiten ari gara. Nire laborategian, nanokonposatuen, sinapsien eta neuronen garapenak lantzen ditugu; oso txikiak dira, eta ez dira mikrozirkuituak; izatez, spintronika erabiltzen da sinapsiaren edo neuronaren funtzioa nanoosagai bakar batean egiteko.

Spintronikak gaur egun garrantzi handiko aplikazioak ditu ordenagailuetan funtsezko osagai diren Random Access Memory-en arloan. RAM klasikoek energia asko behar duten erdieroaleak dituzte. RAM horietan informazioa modu hegakorrean gordetzen da, hau da, memoria mantenduko bada, beti zuzkitu beharko da energiaz. Spintronikak asmatu dituen MRAM (Magnetic Random Access Memory) memoriak askoz ere energia gutxiago behar duenez gero, oso onuragarria da klima-berokuntzaren arazoetarako, global warming-erako.

Izan ere, gaur egun, Samsung eta beste konpainia batzuk konposatu spintroniko berri horiek modu masiboan ekoizten hasi dira. Agian, konposatu horiek zuen ordenagailuetan edo telefonoetan sartu dira, zuek jakin gabe, eta, horiei esker, informazioaren eta komunikazioaren teknologia guztiek gero eta energia gutxiago kontsumituko dute. Gai horri buruzko iruzkin bat egiteko aukera ematen badidazue, informazioaren eta komunikazioaren teknologia horiek, Internet eta DataCenter-en garapenarekin, munduko elektrizitatearen % 10 inguru kontsumitzen dute, eta hori, hasteko, ez da gutxi. Eta aurreikusten da, DataCenter-en garapenarekin, hamar urte barru % 20ra arte gehituko dela. Beraz, espero daiteke spintronikatik sortutako konposatu berri horiek nabarmen lagunduko dutela berotze globala moteltzen, baldin eta industria elektronikoak konposatu horiek modu masiboan eta arian-arian ekoiztea lortzen badu.


Zure iritziz Donostia hiriak zer ekarpen egiten die ikertzaileei eta zientzialariei?

Donostia hiriak eta Euskal Herriak asko lagundu dute unibertsitatearen eta ikerketa-institutuen garapenean. Uste dut Euskal Herriko zientzialariek aurrea hartzen dietela Espainiako beste eskualde askotako zientzialariei. Iruditzen zait antzeko zerbait gertatzen dela Kataluniarekin; nolanahi ere, laburbilduta, Donostiako eta, oro har, Euskal Herriko egoera oso ona da zientzialarientzat.