Donostiak Turismoaren Munduko Erakundearen “Berrikuntza eta Iraunkortasuna" saria eskuratu du

Nazio Batuen Turismoaren Munduko Erakundearen sarien hamabosgarren edizioan “Politika Publikoetan eta Gobernantzan Berrikuntza eta Iraunkortasunari” saria eman diote Donostiari. Sari horiek turismo iraunkorra sustatzen laguntzen duten proiektu inspiratzaileak aitortzen dituzte.

“Love San Sebastian. Live Donostia” proposamena izan da saritua. Helmugaren kudeaketan eta sustapenean hiriko lehentasunen agendan izandako aldaketa, 2017-2012 Turismoko Gida Planak sustatua, ematen du aditzera proiektu horrek. Pertsonak hiriko turismoaren garapen-ereduaren erdigunean kokatzen ditu, eta turismo iraunkor, orekatu, jator eta kalitateko baten alde egiten du.

 Eneko Goiak, Donostiako alkateak, jaso du saria, eta hiriak pertsonak ardatz dituen turismo-eredu baten alde egindako apustua eta estrategia azaltzeko aukera izan du.

premio-sostenibilidad

Eneko Goia buru zuen ordezkaritza donostiarra joan da San Petersburgora Turismoaren Munduko Erakundearen 23. Batzar Nagusian parte hartzera eta Donostiaren turismo-eredu iraunkorra aurkeztera. Ordezkaritza horretan izan dira Ekonomia Garapeneko eta Turismo Sostengagarriko zinegotzia, Ernesto Gasco, eta Donostia Turismoaren zuzendaria, Manu Narváez ere.

“Love San Sebastian. Live Donostia” proposamena finalista zen Turismoaren Munduko Erakundearen “Politika Publikoen eta Gobernantzaren Iraunkortasuna eta Berrikuntza” sarirako, Kolonbiako Turismo Ministerioarekin – “Turismo y Paz” programa- eta Tenerifeko Turismoarekin – “Carta por la sostenibilidad para el avistamiento de cetáceos”- batera, eta azkenean saritua izan da Nazio Batuen Turismoko erakunde gorenak antolatutako ekitaldian.

Alkateak, Eneko Goiak, bere burua zoriondu du sariagatik, eta haren ustez, “mundu osoan turismoaren alorreko agintaritza nagusiak emandako sariak aitortu, babestu eta sendotzen du Donostiak egindako apustua. Gure apustua horretan, mundu osoan hazten ari den jarduera bat, hau da, turismoa, gure hiriaren nortasun-ezaugarriak ez galtzeko premiarekin eta urte osoan hirian bizi direnak, donostiarrak, zaintzeko beharrarekin bateratzeko modua bilatzen saiatzen gara.

Nazio Batuen mendekoa den Turismoaren Mundu Erakundearen 23. Batzar Nagusian Donostia azken urteetan garatzen ari den turismo-eredua azaltzeko aukera izan du Eneko Goia alkateak. Haren esanetan, “helmugaren kalitatea du oinarri, etengabeko hazkundeari lehentasuna ematen dioten beste eredu batzuk ez bezala”. Eneko Goiak adierazi du “Udalaren iritziz, turismoa aberastasun eta enplegu-sorrera iturri bat da, baina ezin dugu baztertu jarduera horrek donostiarra ez kaltetzeko ikusmoldea. Horregatik, gure bisitariak kontzientziatzeko bideak bilatzeen ditugu, hiria eta herritarrak errespeta ditzaten. Donostiak bisitariari harrera egin izan dio eta egiten dio, baina Donostia helmugatzat aukeratzen dutenei gogorarazi nahi diegu errespetuzko eta ardurazko jarrera izatea garrantzitsua dela, zenbait mezuren bidez, hala nola atsedena zaintzea, garbitasuna, garraio publikoa, hizkuntza eta tokiko ohiturak.

Pertsonak erdigunean

“Love San Sebastian. Live Donostia” proiektuak Donostiako 2017-2021 Turismoko Gida Planak adierazitako erronkak eta helburuak jasotzen ditu. Gida Plana bat dator helmugaren kudeaketan eta sustapenean lehentasunen agendan izandako aldaketarekin. Pertsonak Donostiako turismoaren garapen-ereduaren erdigunean kokatzen ditu Gida Planak, eta honako hauen alde egiten du: iraunkortasuna (soziala, ingurumenarena, ekonomikoa), oreka (herritarren, bisitarien eta enpresen artean), kalitatea (bizitzarena, bisitarena, helmugarena) eta egiazkotasuna (nortasuna, kultura, hizkuntza, tradizioak, berezitasuna...).


Donostia Visit-Bizi 2017-2021 Gida Plana ibilbide-orri batean hedatzen da, lan-ildo hauek oinarri hartuta:

  • Helmugaren kudeaketa: turismoa Donostiako hiri-egituran, ekonomian eta gizartean orekaz txertatzea sustatzen du.
  • Lan-ildo hori turismoaren ondorioen udal-kudeaketan gauzatzen da; hau da, espazioen eta turismo-jarduera antolatzea eta kontrolatzea (batez ere, etxebizitza turistikoen fenomenoa); hiri-paisaiaren kalitateari eustea; turismo-mugikortasuna hobetzea; hirian turismo iraunkorraren behatoki bat abian jartzea; eta udal-zerbitzuen finantzazioan beste lankidetza mota batzuk bilatzea.
  • Donostia marka sendotzea, egiazkotasuna, kultura-nortasuna, eta irudiak eta paisaiak, hiriaren sinbologiari oso lotuak, inspiraziotzat hartuta.
  • Turismoaren gobernantza-eredu berria zehaztea, ikuspuntu metropolitar batekin. Eredu hori bat dator hiriaren agenda berriarekin, hau da, kudeaketari lehentasuna ematea sustapenaren aurretik, turismo-antolaketa berritzea, eremu publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza zabaltzea, eta turismo-ereduari buruzko eztabaidan herritarren parte-hartzea.

Horretarako, “Love San Sebastian. Live Donostia" proiektuaren asmoa da hiriaren eta bisitarien arteko konplizitatea eta elkar ulertzea bideratzea, eta turismofilia kontzeptua sustatzea, hiri ireki, eroso eta abegitsu baten eta turismo arduratsu eta adeitsu baten alde egiten duen ekimenaren bidez.

“Love San Sebastian. Live Donostia” proposamenak dei egiten dio bisitariari hiria maita dezan eta ahalik eta gehien bizi dezan. Proposamenaren enuntziatuak berak jolas egiten du kontzeptu horrekin: “Donostiara baldin bazatoz, gogoko duzulako, maite duzulako, bizi Donostia. Hau da, izan beste donostiar bat eta jokatu donostiarra bazina bezala. Era berean, proposamena hamar aholkutan antolatuta dago, eta bereziki nabarmentzen dute hiria herritarrak errespetatuz ezagutu eta gozatu behar dela:

1. ERRESPETATU AUZOKOEN ATSEDENA
Gauez ateratzen baldin bazara, gogoratu jende askok lan egingo duela hurrengo egunean, zuk goza dezazun.

2. EZAGUTU GURE KULTURA
Gure kultura gure ezaugarria da. Eta hura errespetatzeko modurik onena bertan barneratzea da. Ongi etorri!

3. ERABILI GARRAIO PUBLIKOA
Bizikleta, autobusa, trena... Azkarragoa, erosoagoa eta gutxiago kutsatzen du. Hobea zuretzat, hobea Donostiarentzat.

4. BABESTU TOKIKO MERKATARITZA TXIKIA
Aprobetxatu zure egonaldia Donostian eta erosi tokiko saltokietan. Janaria, eskulangintzako produktuak, moda... baduzu zer aukeratua!

5. LAGUNDU HIRIA GARBI MANTENTZEN
Utzi zaborrak xede horretarako prestatutako lekuetan. Horrela, hiria ederragoa egongo da.

6. SAIATU EUSKARAZ HITZ EGITEN
Saiatu “Kaixo” eta “Agur” esaten. Erraz-erraza eta hezibide onekoa da.

7. GOZATU HONDARTZAK ETA PARKEAK
Leku publikoak gozatzeko eta esperientziak bizitzeko dira.

8. IZAN HIRIAREN PARTE
Ezagutu gaitzazu benetan, eta ezagutarazi gaitzazu. Eman zure esperientziaren berri.

9. IZAN BIZIKIDE ETA ZAINDU ZURE AUZOKOAK
Etxebizitza bat hartu baduzu errentan, gogoan izan hirian bizi den jendearen bizikide izango zarela. Errespetatu haien espazioa, ingurunea eta atsedena.

10. PINTXOAK JATERA JOATEAN, EGIN DONOSTIARREK BEZALA
Zuk bezala, jende askok gozatu nahi du. Horretarako modurik onena donostiarrengandik ikastea da.

Kanpaina zenbait euskarritan garatu da, eta kontzeptua presente dago turismo-kudeaketak bidaltzen dituen mezu guztietan.


Epaimahaia eta Turismoaren Munduko Erakundearen sariak

Sektore publikoko, enpresa pribatuetako eta unibertsitateetako turismoaren arloko zortzi adituk osatu zuten epaimahaia:

1. Diana Robino, Global Tourism Partnerships Lead, Mastercard.
2. Dimitrios Buhalis irakaslea, Bournemoutheko Unibertsitateko Turismo eta Abegi Saileko Zuzendaria, Erresuma Batua (kide afiliatua).
3. Eduardo Santander, Europako Bidaien Batzordeko zuzendari exekutiboa/zuzendari nagusia.
4. Istvan Ujhelyi, Europako Parlamentuko Garraio eta Turismo Batzordeko presidenteordea.
5. Jae-sung Rhee, Seulgo Turismo Erakundeko zuzendari nagusia (kide afiliatua).
6. Judy Kepher-Gona, Sustainable Travel and Tourism Agendaren sortzailea eta zuzendaria – STTA Kenya.
7. Kaye Chon, Walter Kwok Foundationeko dekanoa eta katedraduna, irakaslea Hong Kongeko Unibertsitate Politeknikoko International Hospitality Management School of Hotel and Tourism Management eskolan (kide afiliatua).
8. Sally Davey, Industry Affairseko zuzendaria, Trip Advisor (kide afiliatua).

Erakundeek turismo-sektore lehiakorragoa, arduratsuagoa eta iraunkorragoa, Nazio Batzuen Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda betetzen saiatzen dena, garatzeko egindako ekarpena aitortzen dute Turismoaren Munduko Erakundearen Sariek. 

Turismoaren Munduko Erakundearen Sarien 15. lehiaketarako guztira 190 eskaera jaso ziren 71 herrialdetatik, hiru kategoriatan banatuta: Politika publikoak eta gobernantza, Enpresak eta Gobernuz kanpoko erakundeak.


 Donostia Turismoko albiste gehiago